Gerraren negozioaz, berria (Euskal Herria)

berria (Euskal Herria)

Gerra gaur zer den: negozioen hedapena bitarteko militarrak erabiliz. Bitarteko erraldoiak, nuklearrak. Munduko merkatu berri zabalenak dauden lekuetara doa Bush presidente amerikarra eta tratuak ixten ditu: Indian dago egun, eta negozio borobila egin berri du bertako gobernuari teknologia nuklearra salduz. Nahiz eta jakin gobernu horrek ez duela arma hauen kontrolerako nazioarteko itunik sinatu; nahiz eta ezagutu arma atomikoa eduki baduela, eta erabili ere egin duela azken urteetan, Pakistan hurbila ikaratzeko helburu soilaz oraingoz.
Nahiz eta tratu komertzial horretatik kanpo utzi duten instalazio militar nuklearren ikuskaritza. Nahiz eta ondo ezagutu Indiako erregimen politiko eta soziala gaur egun feudalismo gordina dela, ustelkeriaren erresuma. Baina ekonomia globalean merkatu zabala da, Txinaren beraren modukoa (eta honen lehiakide). Horrek kontatzen du gobernari iparramerikarren balioetan. Gainerako guztia, tontoak engainatzeko erretolika hutsa: gobernari europarrak Iranen aurka endredatzeko amarrua, esate baterako. Baina benetan jakin nahi duenak badu nondik ikasi. Gerraren negozioa tituluko azterketa-bilduma oso argigarria atera berri da gurean, Alemaniako zenbait adituk eta irakaslek (Dario Azzellini eta beste) egindako ikerketak aurkezten dituena. Gerra berrien eta konpainia pribatuen arteko loturak aztertzen ditu, eta tesi nagusi hau agertu: Mendebaldeak zabaltzen duen kapitalismo global neoliberala da periferietan ugaltzen diren gerra berrien sortzailea. Prebentziorako gerra deituaren ezaugarriak aztertzen dira halaber Bartzelonako Unibertsitateko Giza Eskubideen Behategiak editatu duen Gerraren politika kriminala bilduman. Baina Ipar Amerikako Gobernuak bultzatzen dituen gerra berrien inguruan azkenaldian egin den azterketarik interesgarriena, zentzu askotan, William Blum ikertzailearen Estatu erasotzailea. Washington gerran munduaren aurka liburuan aurki daiteke. Hauxe da, hain zuzen ere, Osama Bin Ladenek bere azken bideo-agerraldian aipatu zuen liburua, eta geroztik Estatu Batuetan best seller bihurtu dena; Xabier Sadabaren hitzaurreaz lagunduta argitaratu berri da gaztelerazko bertsioan, eta dokumentazio zein azterketa sendoak eskaintzen ditu. Bereziki argigarria gertatzen da Estatu Batuetako «Demokraziarako Nazio-Fundazioa» deituari eskaintzen dion kapitulua: Ronald Reagan presidente zela sortutako erakunde honek zuzentzen baitu, Blumen ustez, gobernari iparramerikarren eraso globala, demokraziaren aldeko nazioarteko gurutzada legez aurkeztua. Hori modu eraginkorrean burutu ahal izateko, gizarte zibileko erakunde gisa aurkezten du bere burua DNF honek, gobernuz kanpoko erakunde modura. Disimuluan.